Bildu – Irún

HOMO-LESBO-BI-TRANSFOBIAREN AURKAKO EGUNA

Homofobia

Gaur, maiatzaren 17a dugun honetan, Homo-Lesbo-Bi-TransFobien Aurkako
Nazioarteko Eguna dugu, 1990eko egun berean atera baitzuen Osasunaren Mundu
Erakundeak homosexualitatea gaixotasun mentalen zerrendatik.
Egun hau lorpen baten isla izan daitekeen arren, oraindik ere asko dago eraldatzeko
instituzioetan zein gizartean. Izan ere munduko herri askok urratzen dituzte oraindik
LGTBIQ (lesbiana, gay, transexual, bisexual, intersexual, queer) kolektiboaren eskubideak.
Azken aldian entzun izan ditugu Errusia edo eta Txetxeniaren kasuak, baina badira baita
Euskal eta Espainiar gobernuekin harreman handiak dituzten herriak, Arabiar Emiratuak
edo eta Maroko, besteak beste. Guztira 73 herrialdeetako gobernuek penalizatzen dute
sexu bereko harremanak, kriminalizazio eta jazarpen sozialaz gain.
Gurera etorriz, Euskal Herrian ere erasoak egunerokoan ditugu. Azken asteetan
ezagunak izan dira Iruñea edo eta Irunen gertatutako eraso homofoboak, baina
lehenagotik ere Gasteiz eta Bilbon bizi izan dira halakoak. Homofobia instituzionala ere
bizi izan dugu azken hilabetean Autobus Transfoboarekin, izan ere “Hazte Oir” erakundea
diru publikoaz baliatzen da bere kanpainetarako, nahiz eta bere jarduna eskubideen
urraketa eta gorrotoan oinarrituta egon, eta bizikidetzaren aurka doan.
Guzti horregatik Euskal Herriak ezin du beste alde batera begiratu, ezin du eraso hauen
konplize izan. Zentzu honetan, EH Bildutik, LGTBIQ eskubideak bermatzeko politikak
bultzatuko ditugu ordezkaritza dugun instituzioetan. Bide batez, gizarte eredu justu eta
anitz baten alde lan egingo dugu, homofobia, lesbofobia, bifobia eta transfobia amaitzeko
lan egiten duten pertsona eta eragile guztiekin batera.
Azkenik, Euskal Herri osoan egingo diren mobilizazioetan egon eta parte hartzera deitu
nahi dugu.

Gehiago Irakurri / Leer Más